Bilatzailea:

Hasiera

Berriak

Giro paregabean ospatu dituzte ormaiztegiarrek San Migelak

Kultura   2025/09/29

Larunbatean San Migelak ospatu zituzten ormaiztegiarrek.

Mendi bizikleta proba eta Haur jolasak
Goizeko 9:15etan abiatu ziren 84 lagunek osatu zuten Mendi bizikleta ibilaldia,
udaletxetik abiatu eta 2 ibilaldi izan zituzten aukeran. 12Kmkoa bata, eta 25ekoa
bestea. Ez zen aipatzeko zauririk izan eta gustura amaitu zuten ibilaldia partehartzaileek.
Amaieran, Ormaiztegiko txirrinduen lagunak elkarteko kideek opari
mordoxka bat zozkatu zituzten txirrindulari guztien artean.

10:30ak inguruan Guraso elkartearen txanda izan zen. Haur jolasak antolatu zituzten,
karpan eta eliz-atarian ospatu ziren sokatira, igela, harria botatzea, oskola jokua eta
beste hainbat jolasekin gozatzeko aukera izan zuten ormaiztegiko txikiek.

Toka eta Harrikalariak
XXIII. Toka txapelketak hartu zuen erreleboa ondoren, gizarte etxean; 8 tiraldiko
txanda bakarra bota zuen bakoitzak, eta, 59 lagunek hartu zuten parte. Irabazle Mounir
Ziani suertatu zen, eta, bigarren Eneko Maizek egin zuen. 

Toka amaitu eta berehala, Xabin Ezkurdiaren omenezko I. Harrikalari txapelketa
ospatu zen. Eguraldia lagun giro ederrean ospatu ziren bai emakumezkoen txanda,
baita gizonezkoena ere. Emakumezkotan 8 lagunek hartu zuten parte 1680gramoko
harriarekin. Nagore Ariztimuinok egin zuen lehena harria 15,10metrora botata, Leire
Rodriguezek bigarren, 12,10metrora iritsita. Gizonezkotan, aldiz, 1.780gramoko harri
berriarekin (Luxe izena jarri zion Xabinek) (duela bi urte aurreko harria apurtu zen) errekorra jarri zuen Aitzol Kallejok
lehengo eginda, 31metrora harria botata. Oier Alustizak egin zuen bigarren,
30,20metrora botata.

Mus eta Tortilla txapelketa
Arratsaldeko 16:00etan itxi zuten aurten Mus-erako izen ematea. Giro paregabea izan
zuten beraien artean hurbildutako 19 bikoteak eliz-atarian, eta, finalerdia zein finala
plazako kioskoan ospatu ziren. Hirugarren postuan Txomin Bidegoien eta Simun
Idiakez geratu ziren, txapeldunorde Kevin Castaño eta Unai Munduate izan ziren eta
aurtengo XXXIII. San migel mus txapelketan Iker Aban eta Martin Gisasola suertatu
ziren txapeldun.

XVII. San migel Patata tortillan txapelketan parte-hartzea iazkoa baina zertxobait
txikiagoa izan zen, 11 bikotek eman zuten izena aurtengorako. 9 lagunez osatutako
epaimahaiak, 11 tortilla dastatu eta baloratu zituen. Baso-Txulo elkarteak, Txirrinduen
lagunak elkartekoak, Oin-harriak jubilatuak, Sahara Kross-eko lan taldeak, Urmaiz
Abesbatzakoak, Guraso Elkarteak Odol emaileen elkarteak, Barduliarrak Elkarteak eta
Zumalakarregi Museoko ordezkariek egin zituzten epaile lanak.

Bikote irabazlea Nerea Magallanes eta Iris Muñozena izan zen, 104 punturekin.
Bigarren postua lortu zuten Belen Iza eta Lierni Unzurrunzagak 98rekin eta berdinketa
izan zen hirugarren postuan Sarai Gorostidi eta Izaro Mendizabalek osatutako bikotea
eta Martin Irizar eta Jesus Alberdik osatutakoaren artean, 96 punturekin. Bikote
irabazleak Zumalakarregi Museoak oparitutako bi mantal (Tomas Zumalakarregi patata
tortillaren sortzaile izan zenaren irudiarekin), Ormaiztegiko Kuko Jatetxean bi
lagunentzako otordua eta Odolkiaren eguneko epaimahaikide izatea jaso zituen
saritzat.

Herritarrez osatutako epaimahaiak aurtengo tortillen balorazioan puntuak emateko
modua aldatu beharra izan zuten, 0-10 puntu zaporea baloratzeko eta 0-5 puntu
bitartean aurkeztutako tortilen itxurarentzako.

Herri afaria
Behin txapelketa herrikoi guztiak amaituta, herri afaria ospatu zen; 303 herritar elkartu
ziren karpan nahiz eliz-atarian. Udalak jarri zituen mahai tresneria, ardoa, sagardoa eta
ura, baita sarrerako txorixo zein odolkiak ere; afaria lagun talde bakoitzak berea
eraman zuen, garai bateko zahagi ardoaren moduan.

Amaieran, nahikoa kanta eta dantza egin zuten guztiek Benta Zaharreko Mutilak
taldearekin. Azken urtetako ormaiztegiko kantugirarik jendetsuena izan omen zen.
Kantaldia iruditan Benta zaharreko mutiko alaiek sortuta

Eguneko argazki batzuk alboan:

San migel mendi bizikleta proba_Ormaiztegiko Udala

Haurrak Igelean jolasten_San Migelak 2025_Ormaiztegiko Udala

Mounir Ziani toka irabazlea_Angel Elorzaren argazkia

Harrikalariak irabazleak_Goierriko hitzaren argazkia_Ormaiztegiko Udala

San Migel Patata tortilla Txapelketako irabazleak eta epaimahia_Ormaiztegiko Udala

San Migel Mus txapelketako txapeldunak_Kepa Maiora_Ormaiztegiko Udala

Herri afariko karpako argazkia_Benta zaharreko mutiko alaien argazkia_Ormaiztegiko Udala

Afariko argazki gehiago hemen (Benta zaharreko mutiko alaien artxiboak)